2012/01/15


NEKAZARITZA EKOLOGIKOA, DESHAZKUNDERAKO TRESNA

Muga zehatzak eta nahiko ezagunak dauzka gure planetak:
badakigu zenbat garen, badakigu zenbat kontsumitzen dugun bakoitzak (baita zenbat kontsumitu nahiko lukeen bakoitzak ere); azkenik, badakigu, gutxi gorabehera, baliabide naturalak zeintzuk diren.

Ekuazioa zuzena da: epe ertainean, ez dago modurik Iparraldeko biztanleen kontsumo maila asetzeko (hiru planeta beharko genituzke horretarako); are gutxiago, garapen bidean dauden herriak gure mailara heltzeko (bost planeta beharko genituzke).
Gainera, denok dakigu guk hemen ondo bizi ahal izateko aukera izan dezagun, haiek miseria sufritu behar dutela eta naturak ere gorriak ikusi behar dituela.

Petrolio merkearen amaierak gure bizimodu modernoa kolokan jarriko du. Momentu hori heldu aurretik, prestatzen joatea proposatzen du deshazkundeak, hautaturiko sinpletasunerantz jotzea.
Salerosketaren logikak bizitza erraztu baina bizimodua gaiztotu digu.

Bizi-kalitatea hobetzen diguten gauzak ordaindu ahal izateko X2 ordu lan egin BEHAR ditugu, eta behar hori da, hain zuzen, gure arduraren zatirik handiena hartzen duena.
Geratzen zaigun denbora apurra familia, lagun eta aisialdiaren artean banatu behar dugu.

Sistemari eskerrak, bizitzaren oinarrizko beharrizan gehienak delegatzeko moduan gaude (ordainduta): janaria hipermerkatuan; hezkuntza, eskolan; nagusien zaintza, egoitzan; aisialdia, kiroldegian; etxea, bankuan.
Hautaturiko sinpletasunak bizitzaren beste antolamendu bat aldarrikatzen du, lanean (beharrean) baino, ingurukoen zaintzan, elkarlanean, herrigintzan, alegia, harreman pertsonaletan, oinarrituta.



Egoera horretara heltzeko, kontsumoa nabarmen txikitu behar da, mugikortasuna inguru hurbilera mugatu, oinez edo bizikletaz egiteko moduan, aukeran. Autoa ahaztu.Planetarentzat errentagarriak ez diren sektore ekonomikoak alde batera utzita (armagintza, autogintza, hegazkingintza edo kontsumoa handitzea helburu duen iragarkigintza kasu).

Beharra banatu aldera, langile bakoitzak ordu gutxi batzuk besterik ez ditu egingo lantokian, gutxiago irabaziz. Baina, ordainetan, denbora izango du txikien edo nagusien zaintzarako, etxeko lanetarako, lurra lantzeko, auzolanean aritzeko edo herrikideekin batzartu eta erabakiak hartzeko.

Soldatapeko delegazioaren aurrean, autogestio kolektiboa da deshazkundearen aukera.

Egungo ekonomiarentzat oinarrizkoak diren sektore produktibo osoak baztertzea; giza harremanak birpentsatzea, sakonki lantzea; norbanakoaren parte hartzea sustatu eta parte hartzea; deshazkundearen proposamenak apurtzaileak dira.
Herritarren auto-antolakuntzak, herrigintzak, bere logika propioetan auto-zentratuz (ez logika merkantilistak ezta estatalistak), beste modu batez gara ditzake jendartearen antolakuntza esparruak; elkarbizitza soziala eta ingurune naturala errespetatuko duen modu batez, bizitzaren birsortze prozesuak zainduko dituen modu batez.
Horrela izan da historikoki eta horrela izan daiteke aurrerantzean ere.

Deshazkundea jorratzen duten hainbat esperientzia martxan daude aspalditik Euskal Herrian: truke azokak, denbora bankuak, hiri-ortuak, kontsumo taldeak... Ekoizpen eredu ekologikoak ere badu zerbait deshazkundetik: jarduera naturarekin batera egiten da, ekoizpenaren errentagarritasuna norberaren baliabideetan oinarritzen da, lehengaien kontsumoa murriztea bilatzen du, zikloak baserrian bertan ixteko lan egiten du...Tamalez, nekazaritza ekologikoak ezjakintasuna eta aurreiritziak jasan behar ditu.
Batzuek sistemaren beste zati bat izatea leporatzen diote nekazaritza ekologikoaren ziurtapenari, merkatuaren beste tresna bat besterik ez delakoan.

Bidenabar, zalantzak sortzen ditu sasoiz kanpo eta Kontxintxinatik datozen ekologikoen ekologikotasunak.
Ekonomia globalizatuaren hagina luzea da. Baina, gazteleraz esaten den moduan, arbola batek ez diezazula basoaren ikuspegia kendu; gure inguruko nekazari ekologikoek salmenta zuzenera eta gertutasunera bideratzen dute jarduera, harreman pertsonalak bilatu, sustatu, indartu egiten dituzte.

Deshazkundera garamatzaten motortxoak dira nekazari ekologikoak.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina